Olatz Perez de Viñasprek jasoko du II. Gladys Saria

  • Irailaren 27an, UPV/EHUko Informatika Fakultatean izango da sari-banaketa ekitaldia
  • Gladys sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu
  • Epaimahaiak irabazlearen ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egiten duen lana azpimarratu du

Olatz Perez de Viñasprek (Gasteiz, 1987) jasoko du II.Gladys Saria. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta irabazlearen ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egiten duen lana azpimarratu du. 

Olatz Perez de Viñaspre

Informatikan ingeniaria 

Olatz Perez de Viñaspre Garralda Gasteizen jaio zen 1987an. Ibilbide akademikoari dagokionez, sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da, UPV/EHUko  Informatika Fakultatean burutu zituen ikasketak.  Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko (HAP) masterra egin zuen, 2011-2013 urteetan. Azkenik, 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian.

Gaur egun irakasle atxikia da, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean eta ikerketa munduan ere dihardu. Azpimarratu behar da Euskarazko Tesien VI. Koldo Mitxelena Sariaetan, 2018an, Ingeniaritza eta Arkitekturaren  jakintza-arloko saria jaso zuela. Horrez gain, I . Ikergazte Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresuan Udalbiltzak banatutako Sari Berezia eman zioten, Euskal Herriko garapenerako bereziki garrantzitsua den gaia lantzeagatik. 

Gladys Saria

PUNTUEUSek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute Gladys Sariaren bigarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin, eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Gladys sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 27an izango da, goizeko 11:00etan, UPV/EHUko Informatika Fakultatean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude